Desapiyua itzuli da!

Iragan ekainean desapiyu ezberdinek eman digutenaren balorazioa egin genuen, azken erronka abian genuelarik; igerilekua euskalduntzea. Desapiyatzaileekin batera euskaraz bizitzeko aukerak areagotzeko gai izan ginela ondorioztatu genuen, Eroskiko lanketak aldaketak eragin zituelako edo Akelarre Kultur Elkarteak  Berriaren harpidetza egitea lortu genuelako, besteak beste. Halaber, positiboki baloratu genuen beste zenbait arlotan euskaraz bizitzeko dauzkagun oztopoak aztertu eta hauek gainditzeko saiakera egiteko zenbait lagun talde elkartu izana. Zorionak Desapiyuan parte hartu duzen guztioi!

Aitzitik, dinamika hau ez da oraindik amaitu. Aurrera egingo dugun arren, hainbat afera hobetu beharko genituzkeela baloratu genuen, hala nola, parte hartzaileen arteko harremana, komunikazioa, hedapena, inplikazioa edota motibazioa. Ez da makala, gero! Baina gai guzti hauetan arreta jartzen bidea egiteko prest gaude!

Bada, gure irudikoz, balorazioan jaso genuen gai garrantzitsu bati heldu beharra: euskaraz bizitzeko, hautu hori hartu eta praktikan jartzeko, norbanakook dugun ahulezia. Ezintasuna, nahi bada. Gure inguruan aldaketak eragin nahi ditugu, zertarako eta euskaraz bizi ahal izateko. Baina oztopoei aurre egiteko barne mailan dugun lehenengo trabari ekin behar diogu; lotsa, ezina, gutxiespena…  Hori zerk eragiten duen gehiegi aipatu gabe (ahaztu gabe, era berean) berau gainditzeko baliabideen beharra azpimarratu genuen. Eta gogora ekarri nahi dugu. 

Gure ingurua aldatzekotan, gure burua prestatu eta ahaldundu behar dugu. Nola jokatuko dugu euskaraz ulertu nahi ez digunaren aurrean? Nola gaindituko dugu gure buruekiko lotsa denak erdaraz ari direnean eta guk euskaraz egin nahi dugunean? Nola apurtu “7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun” ekuazioarekin? Honi guztiari ekiteko burua prestatu behar dugu. Areago, dei egin nahi diegu euskaraz bizitzeko autodeterminazio ariketa hau egiten duten norbanakoei, hiztun komunitate gisa lan egin eta, aldaketak eragiteko bidea markatzera.

Hartara, “Desapiyua!” helburu horretara bideratu nahi dugu. Orain arte abiatutako erronkak bazterrean utzi gabe, bi DESAPIYU kolektibo proposatu nahi ditugu:

  1. Abenduaren 3an, euskararen egunarekin, euskaraz bizitzeagatik aurkituko ditugun egoeren kontakizuna egitera dei egin nahi dugu. Gure hautuak dakarrenaz hausnartzeko erabiliko dugu, gure buruak neurtu eta baloratzeko. Sare sozialetan #EgotetikEgitera traolarekin jarraituko dugu ekimena.
  2. Euskaraz bizitzeko behar ditugun baliabide pertsonalak jaso eta kolektiboki aldaketak eragiteko bidea markatzeko lagungarri izango den HIZKUNTZA AKTIBISMORAKO TAILERRA eginen dugu, otsailaren 12 eta 13an. (Honi buruzko informazio zehatzagoa emanen dugu aurrerantzean).

Bi ekimen hauetan parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu bai Desapiyatzaileei bai eta lagun berriei ere. Abiatutako erronkak zein berriei eraginkorrago ekiteko ezinbesteko urratsa dela deritzogu. Euskararen alde egotetik, alde egiteko garaia heldu da. Goazen!egotetik

 

Post hau Sin categoría atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s